Ezagutzera eman

BERRIAK

2026/09/10
Gazte jeltzaleek Aralarrera egindako igoera historikoa gogoratu eta Aralar 19772026 Adierazpena aurkeztu dute, lehen Alderdi Egunetik ia berrogeita hamar urtera

Euzko Gaztedi-EGI Aralarrera itzuli da, 1977ko lehen Alderdi Egunetik ia berrogeita hamar urtera, Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak lagunduta. Diktaduraren ondoren demokrazia eta askatasunak berreskuratzeko testuinguruan, gazte belaunaldi bat bertan bildu zen Euzkadiren existentzia politikoa eta euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Gaur, belaunaldi berri batek Aralar 1977-2026 Adierazpena aurkeztu du, orduko gazte abertzaleen memoria gogora ekarri eta haien lekukoa hartzeko.

“Duela ia berrogeita hamar urte, gazte belaunaldi bat Aralarrera igo zen eta etorkizunera begiratu zuen. Gaur, leku beretik, guk jasotzen dugu lekuko hori”, adierazi du Iraia Piñedok, EGIko idazkari nagusiak, bere aldarrikapenean.

Aralarretik, EGIk Euzkadi libre eta independente baten aldeko apustua berretsi du, gazte belaunaldiek beren bizi-proiektuak herrialde libre batean garatzeko, euskeraz bizi ahal izateko, gizarte justuago eta kohesionatuagoa eraikitzeko, industria eta ekonomia indartzeko, feminismoan aurrera egiteko, ingurunea babesteko eta Europan ahots propioa izateko tresna gisa ulertuta.

Demokraziaren defentsa ere adierazpenaren ardatzetako bat izan da. Diktaduran eta ondorengo urteetan jazarpena, tortura eta indarkeria pairatu zutenen memoria abiapuntu hartuta, EGIk historiatik ikasteko beharra aldarrikatzen du, eta erantzun argia ematen du: “Demokrazia gehiago. Askatasun gehiago. Giza eskubide gehiago. Parte-hartze gehiago. Justizia sozial gehiago".

Egungo testuinguru politikoan, gazte jeltzaleek, halaber, proiektu propio, demokratiko eta europazalearen indarraldia aldarrikatu dute, muturreko jarreren eta polarizazioa elikatzen duten erantzun politikoen aurrean. EGIk belaunaldi berriei dagokien ardura azpimarratzen du: Euzkadi aske eta demokratikoa eraikitzen jarraitzea, giza eskubideekiko eta euskal herritarren borondatearekiko errespetutik.

Aralarreko Adierazpenak hiru konpromiso nagusirekin amaitzen du: euskaraz biziko den herri baten alde egitea; zazpi lurraldeen arteko loturak indartzea eta Euzkadi independente baten alde lan egitea; eta gazteek hemen bizi, beren bizi-proiektuak garatu eta beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatzea. Aitor Estebanek adierazi duen moduan, gazteak Aberriaren etorkizuna dira eta hauen konpromisoa beharrezkoa da, muturreko mugimenduen aurrean, eraikitako demokrazioa babesteko.

Facebook