Gaur egungo nazioarteko egoera trakets honetan, inoiz baino gehiago defenditu behar ditugu Europar Batasuna bezalako instituzioak. Gerrak, genozidioak, atentatu terroristak, giza eskubideen aurkako erasoak, krisi klimatikoa edota munduko lidergo-ereduen krisia bizi ditugun honetan, ezinbestekoa da Europa sendo baten alde egitea.
Izan ere, Europar Batasuna ez zen proiektu ekonomiko edo instituzional soil bezala eratu. Gerrek suntsitutako kontinente batean, bakea, lankidetza, elkartasuna, askatasuna eta giza duintasuna ekarriko zuen proiektu bezala gorpuztu zen. Gaur, inoiz baino gehiago, balio horiek defendatu eta indartu behar ditugu.
Europa indartsu bat aldarrikatu nahi dugu: herritarren zerbitzura egongo den Europa bat, herritarren ongizatea defendatuko duena, eta bidegabekerien aurrean tinko eta ausart agertuko dena.
Euzkadin jaio, bizi eta garatzeko dugun zortea ezin dugu ukatu, eta horren zati bat Europar Batasunak ahalbidetzen duen testuinguruari ere zor diogu: bakeari, lankidetzari, eskubideen bermeari eta aurrerapen sozialari.
Europar eta euskaldun izatea ez dira elkarren aurkako identitateak; aldiz, elkarren osagarri dira. Euskaldun gisa, gure hizkuntza, kultura eta nortasuna defendatzen ditugun bezala, europar bezala askatasuna, demokrazia eta herrien arteko lankidetza defendatzen dugu.
Europar Batasunaren funtsezko balioak, giza-duintasuna, demokrazia, berdintasuna, Zuzenbide Estatua eta giza eskubideekiko errespetua dira eta, bertuteen artean, bakearen promozioa, biztanleriaren ongizatea, merkatu bakar sendoa, mugimendu askea eta kontsumitzaile eta gizartearen babes eta berme indartsuak ditugu.
Horregatik, egin dezagun Europa, Indartu dezagun Europaren sua.