EGIren izenean, Euzko Alderdi Jeltzaleko gazteriaren izenean, ongietorria eman nahi dizuegu eta, adierazi, gaur hemen elkarrekin egotea poz handia dela.
Guretzat oso garrantzitsua da errealitate desberdinetatik gatozen, baina oinarrizko zerbait partekatzen dugun gazteen arteko loturak estutzea: gure herriarekin dugun konpromisoa, justiziarekin, giza eskubideekin eta gure etorkizuna askatasunean erabakitzeko eskubidearekin.
Saharar herria duintasunaren, erresistentziaren eta memoriaren adibide da.
Zuen borrokaren irmotasunak, identitatean eta autodeterminaziorako asmo legitimoan errotuta dagoenak, gure konbikzioak ere sendotzen ditu.
Euzkadin ondo dakigu zer den herri baten hizkuntza, kultura eta borondate demokratikoa defendatzea. Badakigu zer den gure etorkizuna gure etxean erabaki ezinik bizitzea.
Horregatik, zuen borroka gertu sentitzen dugu, gurea balitz bezala.
EAJ-PNVk, gure alderdiak, konpromiso argia izan du beti saharar herriarekin: zuen erabakitzeko eskubidea defendatuz, giza eskubideen urraketak salatuz eta euskal erakundeetatik lankidetzan, laguntza humanitarioan eta haur sahararren harreran lan eginez. Elkartasuna ekintzekin, baliabideekin eta jarrera politikoarekin erakusten dela uste dugu.
EGItik konpromiso hori guztiz partekatzen dugu. Gazte erakunde gisa, herrien arteko aliantzak ehuntzen jarraitu nahi dugu, injustizien aurrean ahotsa altxatu eta askatasunaren eta autodeterminazioaren alde borrokatzen direnen ondoan egon.
Gainera, bereziki baloratzen dugun zerbait aitortu nahi dizuegu: zuen gazteria antolatzeko eta indartzeko egiten ari zareten lana, zuen gazte erakundearen bidez, UJSARIOren bidez.
EGItik, UJSARIO ez dugu soilik topagune gisa ulertzen: Fronte Polisarioaren eta Saharako Errepublikaren proiektuaren inguruan, zuen gazteriaren indarra eta erabakia islatzen dituen espazio gisa baizik. Belaunaldi berriak antolatzen, parte hartzen eta etorkizun aske baterako eskubidea defendatzen den topalekua da, bai errefuxiatuen kanpamentuetan, bai lurralde okupatuetan, bai diasporan. Formazioarekiko, nazioarteko elkartasunarekiko eta foro globaletan parte hartze aktiboarekiko duzuen konpromisoak ezinbesteko eragile bihurtzen du saharar gazteria autodeterminazioaren aldeko borrokan.
Guretzat, honek, esanahi sakona du: saharar gazteriak ez duela espero beste inork bere ordez erabaki dezan, bere duintasunaren eta etorkizunaren alde oinarrietatik antolatzen eta borrokatzen dela, baizik. Horretan guztian, gazte erakunde gisa, erabat identifikatzen gara.
Era berean, oso baliotsua iruditzen zaigun beste lan bat ere nabarmendu nahi dugu: zuen gazteria indartzeko egiten ari zareten ahalegina. Aipamen berezia egin nahi diogu RASDren 2025-2030 Gazteria Planari, gazteak saharar herriaren garapen politiko, sozial eta ekonomikoaren erdigunean kokatzen dituena, instituzioetan parte hartzea bultzatuz, prestakuntza eta gaitasunen garapena sustatuz, etorkizun kolektiboa eraikitzeko.
Hau da guk defendatzen dugun eredua: parte-hartzailea, humanista eta gazteria eraldaketaren motor eta askatasunaren aldeko borrokaren jarraipenaren berme bihurtzen duena.
Guretzat argi dago gazteok ez garela etorkizuna soilik: oraina gara, eta gaur ere erantzukizun politikoa gure gain hartzen dugu.
Bihotzez espero dugu bilera honek dagoeneko existitzen diren lankidetza-harremanak, elkarrekiko ikaskuntza eta babes-sareak indartu ditzala..
Jakizue, hemen, Euzkadin, lagunak eta adiskideak dituzuela.
Hau ere zuen etxea da.
Gazteriatik gazteriara, herritik herrira: konta ezazue EGIrekin. Beti.
ESKERRIK ASKO.