Ezagutzera eman

BERRIAK

2025/12/10
Azken asteotan ikusi dugu nola ERNAIk, “euskal gazteriaren” izenean, hainbat bortxazko ekintza burutu dituen. Egindakoaren artean, guztion herri subiranotasunaren egoitza den Gernikako Batzar Etxea erasotu dute.

Iraganeko garaietara bueltatzeak kezkatzen gaitu, eta indarkeriaren erabilera sistematiko horren aurrean ezin gara isilik egon. Onartezintzat jotzen dugu indarkeriaren erabilera hori, beldurrean eta era antidemokratikoetan oinarrituta dagoena.

Horregatik argi utzi nahi dugu ERNAIk ez duela euskal gazteria osoa ordezkatzen, nahiz eta zarata asko egin. Herritarrek jakin behar dute badagoela oso ezberdina den euskal gazteriaren eredua, eta Euskadin gazteria anitza eta plurala badugula. 

Guri ere kezkatzen gaitu ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadak, bai Estatu espainolean eta frantsesean, baita Europa osoan ere. Defendatzen dugun ideario politikoa -abertzalea, euskalduna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzen duena, gizarte eredu anitza nahi duena, LGTBI fobiaren aurka dagoena…- ultraeskuinaren guztiz kontrakoa da. Baina ultraeskuin españolista horri aurre egiteko ezin ditugu beraien erak eta jarrerak erabili.

Faxismoari aurre egiten zaio demokraziatik, eta horretarako komeni da hausnarketa kritiko bat egitea: ezin diezaiokegu intolerantziari aurre egin intolerantzia bera erabiliz. Gure ustez, faxismoa elikatzen da aurreko hori eginez; Euskadiren askatasuna bide demokratikoetatik lortu baitugu.

EGIk badu autonomia estrategiko oso eremu handia, baina agerian dago EAJPNVrekin dugun harremana sortu ginenetik. Gauza bera gertatzen da ERNAIrekin. ERNAI eta Sortu ez dira gauza bera, jakina, baina beraien artean harreman oso estua dago. Sortu da EH Bildu koalizioaren alderdi politiko nagusia, beraz, ezin dugu ulertu nola beraien ordezkariek esaten duten ERNAIk burututako ekintzekin ez dutela zerikusirik. Euskal herritarrak tontotzat hartzen al dituzte?

EGI – Euzko Gaztedik, 1904n sortuta, euskal gazteriaren beste eredu bat badagoela defendatzen du: gazteri bakezalea, demokratikoa, herrikoia, euskalduna, independentista, bere jarduera ekintza politikoan oinarritzen duena. Gure asmoa Euskal Estatu propioa eraikitzea da, zazpi herrialdeek osatua, baina helburu horretan aurrera egiteko argi utzi nahi dugu indarkeria erabiltzea guztiz lekuz kanpo dagoela. Azken 122 urtez begi bistan geratu da Euskadiren subirotasunean aurrera egiteko borroka demokratikoa era eraginkorrena izan dela helburu horiek lortzeko.

Facebook