Iazko manifestuan indarkeria hau ez dela isolatutako edo ustekabeko arazo bat ohartarazi genuen. Egiturazko errealitate baten ondorio da: estereotipoak, isiltasunak, biktimen aurkako zalantzak eta gertakariak txikitu nahi dituzten diskurtso ukatzaileak. Horiek guztiek elikatzen dute emakumeen aurkako indarkeria eta desberdintasuna.
Horregatik, aurten emakumeoi eragiten digunak gizarte osoari eragiten diola azpimarratu nahi dugu. Indarkeria matxista ez da kontu pribatu edo indibiduala: giza harremanak, gure ongizate kolektiboa eta etorkizuna eraikitzeko ditugun balioak baldintzatzen ditu. Inork ezin dio bizkarra eman errealitate honi. Inork ezin du “berea ez dela” pentsatu.
Argi adierazi nahi dugu ez dugula atzerapausorik onartuko.
Ez dugu jarrera matxisten normalizazioa onartuko, ez eta erasoei axolagabekeriaz begiratzea ere. Euskadi herri aske, bidezko eta segurua izatea nahi badugu, emakumeok ere gure bizitzako arlo guztietan askatasun osoa izan behar dugu.
Gure babes osoa adierazi nahi diegu indarkeria jasan duten emakumeei, isilean sufritzen dutenei eta eguneroko borrokan aurrera jarraitzen dutenei. Haien ausardiak lanean jarraitu behar dugula gogorarazten digu, eguneroko keinuetatik hasi eta maila instituzionaleraino, emakume bakar batek ere beldurra bizi ez dezan.
EGItik gure herrian indarkeria matxistak ez duela lekurik aldarrikatu nahi dugu.
Ez dugu zuritzen.
Ez dugu isilarazten.
Ez dugu onartzen.
Gure ahotsa gure artean ez daudenengatik altxatzen dugu, oraindik borrokan jarraitzen
dugunongatik eta gizarte benetan berdinzale batean hazi nahi dugun guztiongatik.
GORA BORROKA FEMINISTA!