Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, euskal gazteria animatu du gaur aberrigintzan inplikatzera, prozesu horrek “une historikoa” bizi duela gogoan, Gernikako Estatutuaren betepena, gero eta hurbilago egon arren, “gure bidearen amaiera baino, ibilbide berriaren hasiera” izango dela azpimarratuz. Jeltzaleen buruak gaur goizean parte hartu du Euzko Gaztedi-EGI erakundearen Aberri Kontseiluko eta Herrialde Kontseiluetako kideek Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan egin duten osoko batzarrean. Gaurko batzarra egin dute Aberri Eguna baino lehenagoko asteburuan gazte jeltzaleek EGI Eguna ospatu ohi duten egun berean. Izan ere, Ortuzarrek EGIko gazteak zoriondu nahi izan ditu ohiko EGI Egunaren ordez, jai eguna izan ohi delarik, gaur egungo osasun egoerara hobeto egokitzen den ekitaldia antolatzean erakutsi duten “heldutasuna eta erantzukizuna” eskertuz.
Politikaren esparruan, Ortuzarrek, EGIko kideen bidez, mezu bat helarazi nahi izan dio Euskadiko gazteria osoari: “Zuokin guztiokin kontatzen dugu, baina ez etorkizunera begira, hainbatetan entzun behar izan duzuen moduan. Orain behar zaituztegu, gaur bizi dugun orainaldian”, baieztatu du EBBko buruak. “Behar zaituztegu. Maila globalean , zuen ekarpenak behar ditugu Covid-19aren pandemiak ekarri duen paradigma aldaketari hel diezaiogun, zuek baitzarete XXI. mendeko mundua eraiki beharko duzuenok. Eta, hurbilago, toki esparruan , denok behar zaituztegu Euskadin aberrigintzan zabaltzen zaigun une historikoan inplikatu zaitezten”, esan du bigarren ideian sakondu baino lehen. “Oso hurbil gaude Gernikako Estatutua betetzetik, 40 urte baino gehiago bilatu dugun zerbait lortzetik. Baina, une hori heltzen denean, hori ez da gure bidearen amaiera izango, ibilbide berri baten hasiera izango da. Euskadi askeago eta burujabeagorantz eraman behar gaituen bidea zabalduko da. Estatus Berri bat, euskal hiritarrek erabaki eta adostu beharko duten zerbait. XXI. mendeko Euskadiz ari gara, zuoi dagokizuen zerbait, zuek baitzarete Euskadi hori zehaztu eta eraiki beharko duzuenok”, esan du. “Horra hor euskal gazteriak daukan erronka: XXI. mende bidezkoagoa eta oparoagoa eraikitzea Euskadi askeago batean”, amaitu du.