Ezagutzera eman

BERRIAK

2017/11/22
Berdintasuna, garapen iraunkorra, ekintza politikoa eta hezkuntza izan dira EGIk bere barne erakundeen baitan aztertu eta jorratu dituen lau ardatz nagusiak

Euzko Gaztedi (EGI) gazte erakundeak datorren asteburuan ospatuko du (azaroak 24 eta 25) Zarautzen bere VII. Bilera Nagusia, Euzko Alderdi Jeltzalearen gazte taldeak hurrengo lau urteotarako jarraituko dituen lerro estrategikoak zehaztuko dituen prozesuari amaiera emanez. Garapen jasangarria, gizarte berdintasuna, ekintza politikoa eta hezkuntza izan dira EGI erakundeak bere barne erakundeen baitan prozesu parte hartzaile batean jorratu dituen ardatz nagusiak. Prozesu hau amaituko da jeltzale gazteek Euskadiko gazteengana zuzenago iristeko xedez prestatu dituzten agiriak onartzearekin batera. EGIren

VII. Bilera Nagusia ostiralean , 19:00etan Zarauzko Antoniano Ikastetxean egingo den ekitaldi politikoarekin hasiko da . Bertan hitz egingo dute Ainhoa Usandizaga EGikideak eta EBBko presidente Andoni Ortuzarrek.

Gazte sektore ezberdinen artean ematen den praktika politikoa, emakumeak bizitzaren esparru ezberdinetan pairatzen duen egoera konplikatu eta ez parekidea, eta garapen jasangarri eta iraunkorra izan dira prozesu parte hartzaile hauetan jorratu diren gaietako batzuk. EGIren Aberri Kontseiluak era berean azpimarratu du “Bilera honek euskararen erabilera sustatzeari unibertsitate mailan eman nahi zaion garrantzia, hezkuntza sistema elebiduna aldeztuz eta nazioartekotzeari beldurrik izan gabe, ikasle eta enpresen arteko nazioarte mailako harremanak bultzatuz eta gizarte kohesioa aldeztuz. Eta, hori baino garrantzitsuagoa dena,hori dena gure erabakien fruitu izanik”.

VII. Bilera Nagusia ere aitzindaria izango da lehen aldiz Berdintasunari buruzko ponentzian “feminismoa” hitza jasoko delako. Urrats honekin bilatzen da “alderdiaren baitan berdintasunaren aldeko etapa berria irekitzea, XII. mendean generoen arteko desberdintasunak giza eskubideak erabat errespetatzea oztopatzen duela eta gure gizartean ematen diren desberdintasun sozial eta ekonomikoak betikotzen dituela argi izanik”. EGI erakundeak urrats sendoak ematen jarraituko du emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzera begira, bide horretan aurrera egiten lagunduko duen balore aldaketa sustatuaz; aldaketa bultzatuko du politikagintzan nagusitzen den ereduak gizonen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utz diezaion; emakumeen kontrako indarkeria salatuko du, genero desberdintasunaren adierazpenik bortitzena delakoan; eta EGIren baitan gune bat eratuko du zeinetan emakumeek ekarpenak egin, eztabaidatu eta egitura,ohitura eta mekanismo ezberdinak ezarriko dituzten, gizartean eta Alderdiaren baitan berdintasuna sustatzeko emakumeek eta gizonek partekatuko dituzten jardueren bidez.

EGIk Bilera Nagusi honek ematen dion aukera baliatuko du bere Estatutuak errealitate berrietara moldatzeko, parte hartzea sustatuko duten jarduera mekanismo berriak ezarriz eta figura dinamikoagoen bidez komunikazio mekanismo berriak abian jarriz. Horiek helburu biak ere lortzea espero da beren web gunearen diseinu eta eduki berriztatuarekin. Gune berri hau hurrengo egunotan egongo da martxan eta EGI eta gizartearen arteko komunikazioa sustatzen lagunduko du.

Facebook