Ezagutzera eman

BERRIAK

2007/12/19
10. atala Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi burujabe eta alderdikeriarik gabean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten(...)

11. atala 1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.
Horrela dio 1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapenak auzipetuen eskubideei buruz. Lege- gizon edo -emakume izan gabe ere, epaiketan zehar gertatu diren irregulartasunak kontuan hartuz, begi-bistan dago 2005eko azaroaren 21ean hasi zen makro-epaiketa honetan funtsezkoak diren bi artikulu hauek ez direla inondik inora bete.

18/98 makro-epaiketaren lehenengo urratsak Partido Popular-a Madrid-eko gobernuan zegoen garaian egin zituzten eta gaur jakinarazitako epaia alderdi horrek hasitako estrategia politiko- judizialaren emaitza besterik ez da. Garai horretan PP-k, PSOE-ren laguntzarekin, euskal gatazka politikoa areagotzen duen Alderdien Legea onartu zuen ere. Exekutiboak hasitako estrategia politikoari jarraituz, Auzitegi Nazionalak makro-sumario honen baitan diren auziak garatu zituen (EGIN, XAKI, EKIN, Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Enpresak-Finantzaketa) Garzon Epailearen “Ezker abertzalea = ETA” hipotesietan oinarriturik.

Gorka Agirre eta Lehendakariaren epaiketak ez ezik, hau ere epaiketa politikoa izan da; horrela, berriro ere, agerian geratu da Espainiar Estatuko justizia sistemaren ahultasuna eta politizazioa. Bere egoera hau delarik, gero eta zailago gertatzen zaigu justizia sistema horretan sinestea, ez baititu beharrezko diren bermeak ziurtatzen, ezta independentziaz jokatzen kasu askotan. Epaituen berme judizialak errespetatzen ez dituen justizia sistemak beti aurrez aurre izango gaituela adierazi nahi du berriro ere Euzko Gaztedi EGIk.

18/98 epaiketaren fase ezberdinetan irregulartasun juridiko nabariak eman dira, epaituak izan direnen eskubide zibil eta baita politikoak ere urratu dituztenak. Baina, nola ez ziren berme juridikoak urratuak izango, epaitegiko Presidenteak, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegi Europarraren jurisprudentzia mespretxatu bazuen, epaituei ez erantzuteko erabakiaren arrazoiak emateko eskubidea ukatuz?

2005. urtetik 2007. urtera luzatu den auzian, Prozedura Kriminalaren Legearen kontrako jarduerak zenbatezinak dira; hori gutxi ez balitz, benetan ikaragarriak diren mementoak bizi dituzte epaituek, gaia hain serioa ez balitz, barregarriak eta zentzugabekoak direla esango genukeela. Ez ditugu guztiak aipatuko, gehiegi izan batira artikulu honetan garatzeko; bai ordea, eskubideen urradura nabarienak, guztien artean hierarkia bat ezartzea posible bada.

Hasteko, sumarioa osatzen zuten atal ezberdineko agirien bat-bateko desagerpen eta agerpenak eman dira sumarioan zehar, auziaren atzerapena ekarriz, eta zenbait kasutan frogen desagerpena ere, Magistratuak berak onartu zuen bezala. Gainera, defentsako abokatuek oztopo gehiegi aurkitu dituzte agiri horiek eskutan izateko eta aztertzeko, auzipetuen defentsa-gabezia eraginez.

Hizkuntzaren inguruan eman diren legearen ez-betetzeak ere agerikoak izan dira. Guztiok entzun eta ikusi dugu galdaketen itzultzaileen maila eskasa zenbait kasutan; bestetan, euskaraz idatzita zeuden testuak itzuli beharrean horien inguruko laburpenak erabili dituzte. Bi aipamen hauetatik ondoriozta dezakegu Espainiar Estatuko Konstituzioak berak gure hizkuntza erabiltzeko jasotzen duen eskubidea ez dela bermatu.

Bestaldetik, sumarioan deklaratu duten hainbat testiguen deklarazioek ikerketan parte hartu ez zutela erakutsi dute, ertzaina baten deklarazioak argitu zuen bezala. Perituen lanari dagokionez, askotan ikerketan lan egin zuten poliziek peritu bezala jardun izan dute.

Aipatutako prozedurazko irregulartasun hauek guztiak kontuan izanda, dudarik gabe, 18/98 makro-epaiketan epaituen berme juridikoak eta eskubideak errespetatu ez direla esan behar dugu. Ondorioz, epaiketa ilegala edo legearen kontrakoa izan da.

Euzko Gaztedi EGI-k guztiz bidegabekoa den egoera hau jasaten ari diren auzipetuei, eta haien familia eta lagunei gure hurbiltasun beroena eskaini nahi die, haietariko batzuk medioetan EAJren kontra gogor egin badute ere. Memento hauetan ezberdintasun politikoak alde batera utzi behar dira, guztiok elkarrekin epaiketa hau politikoa izan dela salatzeko, hemen zein Europan.

Euzko Gaztedi - EGIko Aberri Batzordea

Facebook