2007/12/13
Gaur Europar Batasun Herrialdeetako agintariek Lisboako Hitzarmena deritzona sinatu dute Portugalgo hiriburuan. Hitzarmen honek 2005. urtean Europar Konstituzio proiektuak Holanda eta Frantziar ezezkoen ondoren jasandako porrota gainditu nahi du. Hala ere egoera ez da batere baikorra, izan ere, Britainia Handiko Lehen Ministroa den Gordon Brownek ez du gaur bertan Hitzarmena sinatu agenda arazoak argudiatuz (hara borondatea!) eta Irlanda, BH, Polonia eta Danimarkak zenbait gaietan “opt-out” edo ez-betetze klausulak ezarri dituzte Justizia eta Barne Politika bezalako alor zabaletan . Izan ere Europa, beste ezezko baten beldur da eta honek Batasunaren Eraikuntzan izango lituzken ondorio kaltegarriak, horrexegatik Irlandako Erreferendumaren kasuan ezezik, Parlamentuek onartu beharko dute oraingoan Hitzarmen berria. Egia da bai Lisboako itunak izaera loteslea eman diola herritarren eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialei baina bestalde herritarrak berak kontsultatu gabe: “Herriarentzat baina herririk gabe”
Zein da Orduan Hitzarmen berriak aurreko saiakerakiko duen aldea? Izan ere oraingo testu honek, helburu xumeagoak ditu. Europako konstituzioak aurreko Trataduak ordezkatu nahi zituen eta Hitzarmen berri honek ordea Maastricht eta Erromako Trataduak emendatu besterik ez ditu egiten.
Hala ere Hitzarmen berriak bultzada ematen dio Europar Batasunari: Europar Kontseiluko Presidentea bi urte t´erdirako aukeratua izango da (oraingo 6 hilabeteko txandakako sistema ezabatuz); kanpora begira ere Europako posizioa indartu egin da PESC eta Kanpo Harremanak bateratzen dituen Goreneko Ordezkari berria sortuz; Komisioaren kideak ere gutxitu egin dira efizientziaren alde; Herrialdeen boto indarra birbanatu egin da; Komisioak, Parlamentuak eta Europako Justizi Auzitegiek konpententzia berriak bereganatu dituzte eta “Veto”aren erabilera gutxitu egin da hainbat arlotan.
Europa aurrera doa beraz, motel baina irmoki mugitzen den makina handi bat bezala eta Euzko Gaztedik badu proiektu berri honetan zer esanik. Europa mailan gure ahotsa entzun dadin nahi dugu, ez dugu Estatu Espainol eta Frantzesak gure izenean hitzegiterik nahi, herritarren partehartzea bultzatu nahi dugu demokraziaren oinarrizko printzipio bezala, kultur aniztasuna babestu, barne eta kanpo muga arteko solidaritatea sustatu, giza eskubideak sendotu... horretan gabiltza 1945 urtea geroztik eta horri ekingo diogu datozen urteotan ere.