Compartir

NOTICIAS

08/03/2020
Euzko Gaztedi-EGI alderdi humanista izanik, beharrezkoa da Giza Eskubideei dagokienez abangoardian egotea; jardueretan zein pentsamoldean, gizarteak bizi duen garapenaren arabera moldatuz Alderdiarenak ere. Gauzak honela, presio agente izan behar dugu gizartean beharrezkoak diren aldaketak sustatu eta bultzatzeko, ahalik eta ingurune justuena sortzeko. Euzko Gaztedi-EGI erakunde feminista da, eta hala dihardu bere jardunean, generoak markatutako desberdintasunak desagerrarazteko lanean.

Euzko Gaztedi-EGI alderdi humanista izanik, beharrezkoa da Giza Eskubideei dagokienez abangoardian egotea; jardueretan zein pentsamoldean, gizarteak bizi duen garapenaren arabera moldatuz Alderdiarenak ere. Gauzak honela, presio agente izan behar dugu gizartean beharrezkoak diren aldaketak sustatu eta bultzatzeko, ahalik eta ingurune justuena sortzeko.

Euzko Gaztedi-EGI erakunde feminista da, eta hala dihardu bere jardunean, generoak markatutako desberdintasunak desagerrarazteko lanean.

Euzko Gaztegi-EGIk garbi dauka generoa eraikuntza soziala dela, zeina jaiotzerako orduan sexualki desberdintzen gaituztenean sortzen den, eta baita une horretatik hasten dela emakume eta gizonen arteko desberdintasun soziala; desberdintasun bezala hasi arren, denboraren poderioz, bereizkeria izatera iristen dena. 

Bereizkeria horren muinean generoa dagoela esan dugu. Generoa ez da daukagun sexuari ezarritako rol soziala besterik. Eraikuntza soziala dela esate horrek ondorio zuzen eta argi bat dakar: ez dela naturala esatea, alegia, eta, beraz, eraldatu daitekeela.

Emakumeok gizartean bizi dugun egoera gizarte-sistemaren antolaketari lotuta doa, eta gu, gizarte eragile garenez gero, ordena horri buelta ematera konprometituta gaude, gizonen eta emakumeon arteko berdintasun osoa lortzea delarik gure helburu nagusienetako bat. 

Patriarkatuaren ondorioz gizarte osoak galtzen du: emakume zein gizonak rol espezifiko batzuen arabera desberdintze horrek emakumeon baztertzea ekarri du, baina baita gizonezkoentzat  pribilegioak ziren horiek eskubidetzat hartzea ere. 

Horrela, maskulinitate hegemonikoa gizonezkotasunaren esentzia modura ulertu da, eta horrek gizonei ere ekarri die gizarteak hain zorrozki markatutako mugetatik at irteteko zailtasuna. Batzuei zein besteei eragindako ondorioak alderaezinak izan 

arren, gizontasun eredu berriak aldarrikatu nahi ditugu, gainerakoak errespetatuz norberaren izaera era aske batean bizitzeko bidea den heinean.

Euzko Gaztedi-EGIk uste du euskal erakundeen jardunean beti presente egon behar duela emakume eta gizonen arteko erabateko berdintasunaren ideiak eta eginkizunetan printzipio gidari izan behar duela, helburu hori lortzeko hartu beharreko erabaki eta neurriak edozein direlarik ere. Izan ere, berdintasun formala lortu dela esan badaiteke ere, ez da berdina gertatzen berdintasun materialarekin.

Egoera politikora ekarriz, nabari da oraindik ere gizonezkoen esparrua izan dela historikoki, eta hein handi batean izaten jarraitzen duela. Hemen ere nahitaezkoa ikusten dugu beharrezko neurriak hartzea, bai emakume gehiago egon gaitezen politikan eta baita daudenak gidaritza postuetan gehiago ikus ditzagun ere. Horretarako, ezinbestekoa da erakundearen esparru guztietan emakumeon presentzia eta parte hartzea bermatzea.

Ondoren datozen puntuetan, Euzko Gaztegi-EGIrentzat, emakume eta gizonen berdintasun osoa lortzeko bidean garrantzia eta indar handiena duten puntuak azalduko ditugu. 

 

HEZKUNTZA

Esan daiteke hezkuntza eskubideak berdin bermatuta daudela neska eta mutilentzat gure gizartean. Hala ere, desberdintasun batzuk antzematen ditugu sektoreen artean: neskek eta mutilek alor ezberdinak aukeratzen ditugu ikasketei dagokienez, eta hainbat kasutan, aukeraketa horiek gizarte sistemaren ondorio izan daitezke. 

Ikasketa-maila gorenetan emakumeon proportzioa handiagoa da orokorrean. Dena den, ikasketa-arloaren arabera desberdintasun nabariak daude, historikoki hezkuntza ezberdina jaso izanaren isla garbia dena; osasunarekin, zaintzarekin eta hezkuntzarekin 



loturiko ikasketa-arloetan emakumeak gara gehiengo (guztizkoaren hiru laurden), eta arlo zientifiko, tekniko eta mekanikoetan gizonezkoak (10etik 7 dira gizonezkoak), alde nabariaz, gainera, bi kasuetan. 

Ez da kasualitatea desberdintasun hauek genero rolek markatutakoari erantzutea. Lanbideei generoa kendu behar diegu egoera honi buelta eman nahi badiogu, eta baita lanbide edo ikasketak femenino edo maskulino kontsideratzeari utzi. Honenbestez, emakumeon artean ere STEAM ikasketak (Science, Technology, Engineering and Mathematics) bultzatzea funtsezkoa ikusten dugu, beharrekoa ikusten dugun bezala gizonezkoak historian zehar emakumeoi erreserbatuak izan zaizkigun ikasketetara bultzatzea, sektore guztietan benetako berdintasuna lor dadin.  

Egin diren ikerketen ehunekoek erakusten duten bezala, generoak ikasketak baldintzatzen ditu, eta honek era zuzenean eragiten du norberaren etorkizunean. Gure etorkizuna era aske batean erabaki ahal izateko estereotipoak ezabatzea beharrezkoa da, izan ere, hezkuntza da benetako berdintasuna lortzen lagunduko digun tresna indartsu eta erabilgarriena. 

 

LAN MUNDUA

Industrializazio garaitik gaurdaino, emakumeok lanbide munduan egin dugun bilakaera handia bezain garrantzitsua izan da: XVIII. mendean emakumeon egitekoa esklusiboki familia haztearena izatetik, gaurdianoko enplegu ordainduko sistemara igaro gara, ia gizonarekin parekotasunean. 

Eta ia esaten dugu, tamalez osorik esan ezin dugulako. Azken hamarkadetan emakumeon jarduketa-tasak bilakaera positiboa izan zuen arren, 2017an, emakume enplegatu tasak behera egin zuen zertxobait. Horrela, gaur lan-adinean gauden emakumeon partaidetza gizonena baino dezente baxuagoa da.



Emakume eta gizonen arteko okupazio tasak ere desberdintasunak agerian uzten ditu. Hala, dauzkagun datu berrienek diote gizonen okupazio-tasa altuagoa dela, ehuneko handi batean gainera. Langabezia tasa ere ia bi puntu baxuagoa da gizonezkoetan.

Lanean ari garen emakume guztietatik laurdenak baino gehiagok lanaldi partziala dugu. Gizonezkoetan, ehuneko hori %10etik beherakoa da. Gainera, lanaldi partzialeko lanpostu guztien hiru laurden betetzen ditugu emakumeok, lan kontratu mugatuarekin dagoen langilegoaren gehiengoa izateaz gain. Kontraturik gabeko langileen ia guztizkoa ere emakumezkoa da, eta hau ezta zorizko gertaera bat.

Honek guztiak soldata arrakalan eragin zuzena du, zeina areagotu egiten den heziketa mailak gora egiten duen heinean, diskriminazioaren erakusle argi bilakatuz. Euzkadin enpresetan dauden goi-karguen bostena soilik gara emakumezkoak, eta hori gutxi balitz, ditugun enpresen herenak ez dauka emakumerik bere administrazio kontseiluan. Lurralde guztien artean egoera antzekoa izateak arazoaren sakontasuna azaltzen laguntzen du, gizartean guztiz errotuta dagoen pentsamenduaren ondorioa baita. 

Datuok, halaber, adin-tarte batetik bestera aldatu egiten dira. Hemendik atera dezakegun ondorioetako bat gizarteak ez duela oraindik erabat normalizatu emakumearen presentzia lan munduan da, eta lan-merkatuak izan ditzakeen inguruabarretatik harago doazen bestelako faktoreen menpe ere badagoela aferaren muina. Familia kontziliazioa izan daiteke printzipalena, edo hobeto esanda, kontziliatu behar duena emakumea delaren ustea, zeinak aurretik aipatutako egoeretara behartzen gaituen (lanaldi partziala eta bestelakoak).

Datuon inboluzioa bultzatzeko neurriak hartzearen beharra eta presa aldarrikatzeaz gain, Euzko Gaztedi-EGIk egoera hau salatu egiten du. Kontziliaziorako tresnak eta gizartearen kultura aldaketa bat bultzatzeko beharra ikusten dugu, ez baitugu berdintasun materialik lortuko emakume zein gizonen lan baldintzak benetan berdintzen ez diren bitartean.




INDARKERIA

Gizarteak egun pairatzen duen gaitz sozial handienetakoa da emakumeon kontrako indarkeriarena, urtero bizitza gehiegi kentzen dituena eta ondorio sakonak uzten dituena. Emakume gehiegi erailtzen ditu matxismoak, haur gehiegi utzi umezurtz. Baina erailketa horiek izebergaren punta baino ez dira, indarkeria modu askotan paira baitaiteke: psikologikoki, fisikoki, sexualki eta ekonomikoki.

Patriarkatuan oinarritutako gizartea eraldatzea beharrezkoa da bereizkeria eta ondorio negatibo hauei amaiera bat eman ahal izateko; hezkuntzan, gizarte erantzunean eta kontzientziazioan edukiz arma nagusienak. 

Euskal eragile soziala garen heinean, guri dagokigu Euzkadin ematen den eraso oro salatzea, eta horren aurka har ditzakegun neurri guztiak hartzea, gure hondar aletxoa jarri berdintasun materialaren bidean. Ez da nahikoa legeek gizon-emakumeon arteko berdintasuna bermatzea gero errealitatean ez bada egoera berdinzale bat sortzeko inguruabarrik emango. 

Arauak ez dira nahikoa izango gizarteak ez badu benetan berdintasunean sinesten beraz, eta diskriminazio egoerei aurre egiten ez badie. Euzko Gaztedi-EGIk, bere esku dagoen oro egingo du ahalik eta gazte gehien egon daitezen errealitate honekin konprometituta eta, erakunde gisa ditugun baliabideekin, administrazioari behar dituen neurri guztiak har ditzan exijitzeko. Lege aurrerakoi eta feministak izatea ezinbesteko baldintza da berdintasunean oinarritutako gizarte bat izateko. 

SEXU BURUJABETASUNA

Euzko Gaztedi-EGIk emakumeok gure gorputzean gertatzen denari buruz erabakitzeko eskubidea daukagula defendatzen du, badirela hainbat hamarkada aborturako eskubidea bermatuta dugula gogoratuz. Abortuak askea eta doakoa behar du izan, 

emakume bakoitzak bere buruarenganako planifikatzeko eskubidea izan dezan. Eta Giza Eskubideetan atzera pausorik eman ezin denez, abortu eskubidean ere ezin dugu jada gaindituta dauden garaietara itzuli.  

Ezinbestekoa da politika sozialak egiterako orduan emakumeon eskubideak bermatzea; euren gorputzen gain erabakitzeko eskubidea bermatzea, finean. Familia-planifikazio egoki bat, antisorgailuak izatera heltzeko erraztasuna eta abortuaren inguruko informazio egoki eta egiazkoa irisgarria izatea beharrezkoa deritzogu Euzko Gaztedi-EGItik hala nahi duen emakumeak aborturako eskubidea izan dezan.

Abortua zailtzen edo debekatzen duten neurri zien politikek ez dute honek atzean duen arazoa konpontzen, ezkutatu besterik ez dute egiten, eta emakumeek beste bide arriskutsuago batzuk har ditzaten bultzatzen du, haien osasuna eta segurtasuna kaltetuz eta arriskuan jarriz, abortu kopurua ez jaisteaz gain.

Facebook